Kabiene | Elkarlan Gunea | Kabiene Iparraldean
Kabiene Usurbilgo Freelance eta Autonomen elkartea da. Coworking bat zabalik dauka
Usurbilgo Freelance eta Autonomoen elkarte, Coworking
724
post-template-default,single,single-post,postid-724,single-format-gallery,ajax_fade,page_not_loaded,,qode-title-hidden,qode_grid_1300,qode-theme-ver-16.8,qode-theme-bridge,disabled_footer_bottom,wpb-js-composer js-comp-ver-5.4.5,vc_responsive

Kabiene Iparraldean

Kabieneren lehen urteurrena ospatzen jarraitzeko, Nafarroa Beherera egun-pasa joan ginen urriaren 27an. Thierryk primerako egitaraua antolatu zigun:
Hasteko, Indar garapen-zentroaren Lutxi egoitza bisitatu genuen, Donazaharren. Hango funtzionamendua, antolaketa eta lan-metodologia azaldu zizkiguten, eta guk Kabieneren berri ere eman genien. Oso elkarrizketa interesgarria izan genuen, eta ikusi genuen, erakunde nahiko desberdinak izanagatik, helburu bera dugula funtsean: elkarlanean aritzeko guneak sortzea, proiektu bat garatu nahi duen inor ez dadin bakarrik eta isolatuta egon. Bilera nagusiaren ostean Irulegiko ardoak dastatzeko aukera izan genuen, eta giro informalago batean, Lutxin haien proiektuak garatzen ari diren hainbat lagun gertuagotik ezagutu ahal izan genituen. Gainera, Irulegiko Irratikoak ere hurbildu ziren elkarrizketa bat egitera.
Donazaharretik Gamiara joan ginen: Thierryren amaren jaiotetxea ez ezik, jatetxe bikaina ere bada. Paraje eder hartan, eta garai betea dela aprobetxatuz, uso-jana egin genuen.
Bazkalostean, Erramun Martikorena bisitatzera joan ginen. Hamaika kontu eta istorio esan zizkigun, eta gazta nola egiten duen azaltzeaz gain, probatzen ere eman zigun. Etxera ere ekarri genituen ale batzuk, nola ez!
Eguna amaitzeko (eta bide batez, bazkaria jaisteko), Baigorriko frontoian pilota-saioa egin genuen. Daniren azalpen teorikoak entzun eta gero, ikasitako guztia praktikan jartzen saiatu ginen. Ez ginen finegi aritu, baina izerdi pixka bat bota genuen, behintzat!
Horrelakoa izan bada lehen urteurrena, argi ibili bigarrenarekin!
Azkenik, eskerrak eman nahi dizkizuegu antolaketan lan egin duzuen guztiei eta zuenean hartu gintuzuenei.